BERRIAK

Nafarroako Gobernuak, Pirinioetako Planaren esparruan, 719.370 euro inbertitu ditu Otsagabian ekintzailetzarako guneak prestatzeko

2023ko martxoaren 23

Nafarroako Gobernuak, Pirinioetako Planaren esparruan, 719.370 euro inbertitu ditu Otsagabian ekintzailetzarako guneak prestatzeko

Lurralde Antolamenduko, Etxebizitzako, Paisaiako eta Proiektu Estrategikoetako Departamentuak, Nasuvinsaren bidez, 719.370 euro inbertitu ditu Otsagabiako patata-geltoki zaharra birgaitzeko eta coworking-gune bihurtzeko eta industria-nabe bat eraikitzeko Mancholanda eremuan.

Aierdi lehendakariordea instalazioak bisitatzen izan da; bertan, hainbat enpresa-jarduera abian jarri dira tokiko erakundeen inbertsioetarako eta ekintzailetza bultzatzeko haren Departamentuak Pirinioetako Planaren esparruan ematen dituen diru-laguntzei esker.

Otsagabiako Udalak patata-geltoki zaharra, erabiltzen ez zena, Nasuvinsa sozietate publikoari utzi zion, eta sozietateak birgaitu eta, ondoren, enpresa-proiektuen zentro gisa erabiliko da. 258 m²-ko azalerako instalazioetan, 12 eta 43 m² arteko bost lokal, banatzaile bat eta bainugelen eremua eta biltegia birgaitu dira, hori guztia 344.614 euroko inbertsioarekin. Obraren proiektua bertako Ines Patricio arkitektoak idatzi du, eta Díaz García Eraikuntza-enpresak egindako obra ere zuzendu du.

Jose María Jauregi eta Inés Patricio coworking gunean abian jarri diren bi proiektu ekintzaileren titularrak dira. Jauregik zurezko artisautza-negozioa sortzea erabaki du, bertan tailerra eta saltokia ez ezik, bulego teknikoa ere jarrita. Bestalde, Inés Patriciok hainbat lan egingo ditu bertan arkitekto gisa.

Horrez gain, proiektuen harrera-gune honetan, gizarte-ekonomiako bi ekimen daude: alde batetik, Eutsi kooperatiba dago, Maia Ederrak eta Virginia Mikeleizek abian jarritakoa. Hain zuzen ere, zahartze aktiborako zerbitzuak eta herritarren bizi-kalitatea hobetzeko zerbitzuak eskaintzen dituzte. Bestetik, Proiektu Estrategikoen Zuzendaritza Nagusiak bultzatutako lan- eta lankidetza-sareak garatuko du bere jarduera: “Ekosistema eraldatzaileak Pirinioetan gizarte-ekonomia sustatzeko -Bidekari”;  lurraldeko ehun ekonomikoaren eta sozialaren parte-hartzearekin, beharrezko esparrua sortuko du, hainbat eremu estrategikoetan ekintzailetza batera jorratzeaz gain.

Bestalde, Mancholandako nabe berrirako 309.716 euroko inbertsioa egin da. Nabeak 525m²-ko azalera du, eta hiru aretotan banatuta dago: egun, Iñaki Zokoren eta Andoni Arizkurenen Bordaxaki enpresa aurkitzen da batean, Euskal Txerri txerri-produktuak zatitzeko eta saltzeko; udal-erabilerarako biltegi bat dago beste batean, eta hirugarrenean supermerkatu bat jartzeko asmoa du Eduardo Allok.

Enpresa-ekimen horien guztien ordezkariek Cederna Garalur eta Lursarearen laguntza eta diru-laguntzak izan dituzte ekintzailetza-proiektuak eta mikro-enpresak finantzatzeko Pirinioetako Planaren lurralde-eremuan. Ordezkariek beren proiektuen xehetasunen berri eman dute gaur arratsaldean egin den ekitaldian. Bertan, Aierdi lehendakariordearekin batera, Proiektu Estrategikoetako zuzendari nagusia den Ruben Goñik eta Mikel Aoiz herriko alkateak hartu dute parte.

Bisitan zehar, Aierdi lehendakariordeak azpimarratu du Nasuvinsak herriko udalarekin eta GuPirinioarekin Pirinioetako Planaren esparruan burututako jarduerek “lurralde-garapena bultzatzeko beste modu bat erakusten dutela, behetik gora, eta leku bakoitzeko beharretara egokitutako erantzuna eman dutela, enplegua sortuaz eta, horrela, Pirinioetan biztanleria finkatuaz”.

 

MRR NextGeneration_EU laguntza-deialdi berria

Proiektu Estrategikoetako zuzendari nagusia den Ruben Goñik Pirinioetako Planaren lurralde-eremuan ekintzailetza-proiektuak eta mikro-enpresak finantzatzera bideratutako laguntzen deialdien berri eman du, eta nabarmendu du aurtengo diru-laguntzak, duela gutxi NAOn argitaratuak, 1.053.668,50 euroko aurrekontu-partida izango duela.  

Diru-laguntza hori 2021ean abian jarri zenetik, Proiektu Estrategikoetako zuzendaritza nagusiak guztira 868.329,40 euro jarri ditu honako hauetan garatutako 189 ekimen finantzatzeko: Aezkoa (64); Zaraitzu (47); Erro ingurua, Auritz, Orreaga eta Luzaide (39); Erronkari (28); eta Artzi eta Orotz-Betelu (11). Diru-laguntza izandako ekimenetatik, bakoitzak batez beste 5.000 euro inguruko laguntza jaso du, 94 hirugarren sektorearekin loturikoak dira, 80 lehen sektorekoak eta 15 bigarren sektorekoak. Gainera, %64 gizonek aurkeztu dituzte eta %34 emakumeek.

2023ko deialdira aurkeztu nahi dutenek beren eskaerak aurkeztu ahal izango dituzte aurtengo irailaren 30era bitarte, ahal dela telematikoki, izapide-fitxaren bidez. Diru-laguntza jaso ahal izango dute jarduera Pirinioetako Planaren lurraldean garatzen duten mikro-enpresek, 2022an jada kudeatu ez duten banako enpresariak barne. Diru-laguntza emateko eta ordaintzeko prozedura banakako ebaluazio-erregimenean izapidetuko da, eskaerak aurkeztutako hurrenkera zorrotzaren arabera, harik eta aurrekontu-kreditua agortu arte.

Deialdia Berreskuratze, Eraldaketa eta Erresilientzia Planaren esparruan ezarri da, eta honako helburu hau du: ekintzailetza eta mikro-enpresen inbertsioa finantzatzea; hots, ekonomia berdea eta/edo  digitala sustatzen eta garatzen lagunduz, jarduera berria sortzeko, lehendik dagoen baten gaitasuna handitzeko, negozioa dibertsifikatzeko, produkzio-jarduera aldatzeko edo inguruan jada garatzen ari diren jarduerak mantentzeko helburua dutenena. Horrekin batera, proiektu horien bidez sortutako gastuak finantzatuko dira.

Izapidetzeko laguntza eskatzeko, Pirinioetako ekintzaileak GuPirinioaren laguntzarekin harremanetan jar daitezke info@gupirinioa.eus helbidera idatzita edo www.gupirinioa.eus web gunera sartuta.


Zerrendara itzuli

Nafarroako Gobernua Cederna Garalur Lursarea Mesa del Pirineo