Alternatiba jasangarria” da UPV/EHUko Uda Ikastaroaren izenburua, eta uztailean emanen da Nafarroako Pirinioetan eta Gipuzkoan. Aezkoako Batzarre Nagusiak, Garaziko Mendi Elkargoak, UPV/EHUk, Nafarroako Gobernuko Proiektu Estrategikoen Zuzendaritzak eta Gu Pirinioak antolatuta, ehun urtetik gorako oinordetzari buruzko katedra ezarriko da jardunaldi hauetan.
Ikastaroak Aezkoako herri lurren tradizioa balioetsi nahi du, ekonomia berdearen alternatiba jasangarria den aldetik, bere balio historiko eta kulturalagatik eta mugaz bi aldeetako harreman onen oinarri gisa.
Hiru jardunaldi izanen dira, eta, horietan, Aezkoako abeltzainek, Euskadi, Nafarroa eta Iparraldeko hizlariekin batera, honako gai hauek aztertuko dituzte: herri ondasun horien garrantzia, kontserbazioa eta Aezkoa ibarreko mendien kudeaketa ona bultzatu duten metodo historikoak.
Gainera, kudeatzeko era hori mantentzeko eta hobetzeko proposamenak aztertuko dira. Zehazki, ikastaroa uztailaren 19tik 21era bitartean emanen da, hiru gunetan: Donostiako Miramar Jauregian, uztailaren 19an (lehen eguna); eta Orbaizeta/Ariben, uztailaren 20an eta 21ean. Bi lurraldeen arteko autobus zerbitzua jarriko du antolakuntzak. Era berean, Aezkoan ostatu hartzeko aukera izango da.
Izen-emateak
Matrikula orokorrak 50 euro balio du, eta 30 orduko balio akademikoa izanen du. Ikastaroa euskaraz eta gaztelaniaz eginen da, eta zuzenean edo online jarraitu ahalko da. Trebakuntza jarduera hau publiko orokorrari zuzenduta dago. Programa osoa ikusteko eta izena emateko sarbidea, esteka honetan: https://www.uik.eus/eu/jarduera/comunales-aezkoa
Aezkoako herri lurrak Aezkoako Mendietako zuhaitzik gabeko lurren azalera 2.500 hektarea ingurukoa da, eta lau bazkaleku handi hartzen ditu. Eremu horien erabilera herri lurretako aprobetxamenduei buruzko Ordenantzak arautzen du, eta bazka larreen baliatze ordenatua arautzea eta sustatzea du helburu. Dokumentu horri jarraikiz, ibarreko abeltzainen batzordeak urtero erabakitzen ditu denboraldirako abereen karga, eremuen erabilera eta bazka kanpainan, aurkeztutako eskaeren arabera, aplikatu beharreko gainerako baldintzak.
Azpiegitura ugari daude, ganadua herri lurretan behar bezala egonen dela bermatzeko beharrezkoak: euri ura biltzeko 5 putzu, 41 aska, ganadua maneiatzeko 12 mahuka, itxiturak (80 km-tik gora), pistak eta bideak (157 km baino gehiago). Halaber, Aezkoako Batzarre Nagusiak zenbait txabola ditu, komunalera artaldeak eramaten dituzten artzainentzat.
Bazka lurrak erabiltzen dituzten Aezkoako ustiategi gehienetan behi-azienda (abelgorriak) edo zaldiak (Burguete arrazakoak) hazten dira edo ardi latxak dituzte.