BERRIAK

Nafarroako 102 ikastetxetako 4.000 ikasle baino gehiago hartu ditu eskiko eskola-kanpainak

2025ko otsailaren 14

Nafarroako 102 ikastetxetako 4.000 ikasle baino gehiago hartu ditu eskiko eskola-kanpainak

Kultura, Kirol eta Turismoko kontseilari Rebeca Esnaola Larra-Belaguako eski-pistetara hurbildu da gaur, Iraupen-eskiko eskola-kanpainako parte-hartzaileak bisitatzeko. NICDO sozietate publikoak antolatu du kanpaina, eta Nafarroako Kirolaren eta Jarduera Fisikoaren Institutuaren, Nafarroako Gobernuko Hezkuntza eta Lurralde Kohesioko departamentuen eta Izaba eta Otsagabiako Udalen laguntza izan du.

Bisitan, sailburuarekin batera, Jorge Aguirre INDAFeko zuzendari gerentea, Sandra Muñoz INDAFeko zuzendariordea, Ramon Urdiain NICDOko zuzendari gerentea, Carlos Anaut Izabako alkatea eta Mikel Aoiz Otsagabiako alkatea izan dira. Bi herriak, ohi bezala, programaren egoitzak dira. Zehazki, aste honetan, 213 ikaslek eta 15 zaintzailek erabiliko dituzte Izabako Larra-Belagua ikastetxeko pistak; Otsagabian, berriz, 102 eskola-ume eta 10 pertsona heldu daude, Irati-Abodiko eski nordikoko zentroko pistetan eskiatzeko. Atarrabiako  Lorenzo Goikoa, Abartzuza Zumadia, Falceseko Álvara Álvarez eta Milagroko Babesletzako Andre Maria zentroetakoak dira.

Esnaola sailburuak, pistetan, programa horren garrantzia azpimarratu du, ez soilik kirol arloan, baita inguruko ekonomiaren motor dinamizatzaile gisa ere. “Jarduera aberasgarria da, ez bakarrik eskola-komunitatearentzat, baita Nafarroako Pirinioentzat ere”.

Esnaolak ikasleekin eta irakasleekin ere hitz egin du, eta haien iritziak ezagutzeko aukera izan du. “Aste Zuria kirol-jarduera baten ikaskuntza ez ezik, beti gogoan izango dituzten esperientzien ikaskuntza ere bada. Gainera, inguru horretan ingurumen- eta kultura-balioak sustatzen dituzten jolas-jarduerekin osatzen da ”.

Indarkeria prebenitzeko prestakuntza

Iraupen Eskiko Eskola Kanpaina urtarrilaren 13an hasi zen eta martxoaren 28ra arte luzatuko da Otsagabian eta apirilaren 11ra arte Izaban. Edizio honek 12 txanda izango ditu Izaban eta 10 Otsagabian, eta horietan 4 048 pertsonak, 3.747 ikaslek eta 301 irakaslek hartuko dute parte, Nafarroa osoko 102 ikastetxe eta hezkuntza bereziko zentrotakoak. Ikasle gehienak Lehen Hezkuntzako 6. mailakoak eta Bigarren Hezkuntzako 1. eta 2. mailakoak dira.

Aurten, berrikuntza gisa, INDAFek prestakuntza eskaini die programan parte hartzen duten ikasleei arreta ematen dieten pertsonei. Ekimena bat dator Haurrak eta nerabeak indarkeriaren aurrean osoki babesteko Lege Organikoan ezarritako aginduekin, eta, horren bidez, eskiko begiraleen taldeak saio telematikoak jaso ditu kanpainaren aurretik, biztanleria horretan indarkeriari aurre egiteko modu egokia zein den erakusteko, kirol- eta aisialdi-inguruneetan edozein adingabe babesteko. Gainera, jarduteko protokolo bat egin da eta babeserako ordezkari bat izendatu da.

Kirol- eta hezkuntza-helburuak

Eskiko Eskola Kanpainaren helburu nagusia ikasleen artean kirola sustatzea da, baina, era berean, hainbat hezkuntza-jarduera biltzen ditu, hainbat balio sustatzeko, hala nola autonomia, erantzukizuna, bizikidetza ona eta jatorri desberdineko ikastetxeen arteko adiskidetasuna edo naturarekiko errespetua. Horrela, adibidez, edizio honetan, hirugarrenez, ‘Aztarna ekologikoaren erronka 'errepikatzen da, parte hartzaileek programan dauden bitartean beren jarduerak ingurumenean duen eragina kalkulatzeko aukera izan dezaten. Aztarnarik txikiena duen ikastetxeak egun batez gozatzen ahalko du sari gisa, Arguedasko Sendaviva Nafarroako Naturaren Parkean.


Zerrendara itzuli

Nafarroako Gobernua Cederna Garalur Lursarea Mesa del Pirineo