BERRIAK

Herri-Lanen Zuzendaritzak premiazko konponketa egin du Zatoiako zubian, Auritz eta Izaba lotzen dituen NA-140 errepidean dagoena

2023ko abuztuaren 9

Herri-Lanen Zuzendaritzak premiazko konponketa egin du Zatoiako zubian, Auritz eta Izaba lotzen dituen NA-140 errepidean dagoena

Herri-Lanen eta Azpiegituren Zuzendaritza Nagusiak premiaz konpondu du Zatoiako zubia, Auritz eta Izaba lotzen dituen NA-140 errepidean, Abaurregainako udal mugapean.

Nabarmendu behar da udaberrian taulako lauzan egindako hainbat zulo konpondu ondoren, hormigoiaren narriadura-arazo orokor bat antzeman zela. Azterketa teknikoak adierazten zuen zulo puntual horiek ustekabean gerta zitezkeela beste edozein tokitan, bide-segurtasuna arriskuan jarriz.

Lanek 113.512 euroko inbertsioa eragin dute (BEZa barne), eta azken hiru hilabeteetan egin dira. Lan horien bidez, taulako asfaltozko geruza fresatu da, eta, ondoren, presio handiko urarekin saneatu da, hondatutako hormigoizko lodiera kentzeko. Gainera, taula birgaitu egin da eta erresistentzia handiko hormigoia gehitu zaio 20-25 zentimetroko lodiera berreskuratu arte.

Ondoren, taularen lauza berri osoa iragazgaiztu da, eta asfaltatu egin da. Horretarako, 5 zentimetroko geruza bat zabaldu da, betun nahasketa berokoa, eta alboko kanal bat utzi da galtzadaren ertzean, isurketa-uren drainatzea hobetzeko eta, hartara, hustubideetara behar bezala husteko.

Azpimarratu behar da obrak egin bitartean errei batean soilik lan egitea erabaki dela, ibilgailuak beste erreitik igarotzea ahalbidetuz, jarduketak bidearen erabiltzaileengan izan dezakeen eragina minimizatzeko.

NA-140 errepideko 22+350 kilometro-puntuan dagoen zubiak Zatoia ibaiaren sakana gainditzen du. 10 metro inguruko altuera duten pilaredun hiru baok eta bao bakoitzak 12 metroko habe aurrefabrikatuen taula batek osatzen dute, 8,20 metroko zabalerarekin. Hasierako harlangaitzezko egitura 1935ekoa da, eta, ondoren, gaur egungo zabalerara handitu zen 1984an, hasierako zutabeak mantenduz.


Zerrendara itzuli

Nafarroako Gobernua Cederna Garalur Lursarea Mesa del Pirineo