BERRIAK

Gu Pirinioak eta INTIAk Iparraldera bisita egin dute Trebatu erreleborako egitura eta honi lotutako nekazaritzako instalazioak ezagutzera

2022ko urriaren 6

Gu Pirinioak eta INTIAk Iparraldera bisita egin dute Trebatu erreleborako egitura eta honi lotutako nekazaritzako instalazioak ezagutzera

Gu Pirinioko eta INTIAko ordezkariek jardunaldi tekniko batean parte hartu dute gaur. Nekazaritza eta abeltzaintza jardueren erreleboa eta lehen instalazioa sustatzen dituen Trebatu proiektua ezagutzeko asmoz, Iparraldeko hainbat herri bisitatu dituzte.

Bisita Baigorriko Herriko Etxean hasi da. Bertan 2016an sortutako Trebatu egiturari buruzko hitzaldi informatibo batera joan ahal izan dira, eta egitura honek erabiltzen dituen bi tresna ezagutzeko parada izan dute: nekazaritza-testak egiteko guneak eta nekazaritza berritzailearen formakuntza-ibilbideak. Trebatuk belaunaldien arteko erreleboa ahalbidetzen du, nekazaritza-enpresa bat sortzeko prozesua bermatzen du eta tokiko nekazaritza eta abeltzaintza garatzen ditu.

Baigorriko hitzaldiaren ondoren, bisitari nafarrek Irulegiko Trebatu test-gune iraunkorra ikustatu dute. Lehen sektorean jardun nahi dutenek hiru urte eman ditzakete bertan, beste ustiategi batera joan aurretik.

Jardunaldia osatzeko, epe laburreko bi test-gune bisitatzera joan dira. Aurrenekoan, Bastidakoan, gazte bat hezitzen ari da erretiratzera doan abeltzain bati erreleboa emateko. Ahurtikoan, berriz, kolektiboki erositako Lurzaindiaren lurretan, landare aromatikoen eta lore jangarrien proiektu bat garatzen ari da, zeinetan emakume bat trebatzen ari den.

Gu Pirinioko lurralde-taldeko Andrea R. Goñik bisitaren interesa azaldu du. “Landa eremuetako belaunaldien arteko lan-erreleborako zailtasunak Pirinioen bi aldeak lotzen gaituen kezka da. Gu Pirinioan joan den urtetik ari gara Lekukoa proiektuaren bitartez lan-sektore ezberdinei errelebo irtenbideak bilatzen, eta lehen sektorekoak estrategikotzat jotzen ditugu. Beraz, bisita hau oso ongi datorkigu beste esperientzia batzuetara hurbildu eta ezagutza eskuratzeko.”


Zerrendara itzuli

Nafarroako Gobernua Cederna Garalur Lursarea Mesa del Pirineo