ALBISTEAK

PIRINIOKO PLANAREN FORMAKUNTZA PLANA BERRIA ABIAN DA JADA

2021ko martxoaren 25

PIRINIOKO PLANAREN FORMAKUNTZA PLANA BERRIA ABIAN DA JADA

Pirinioetako Planak apirilean abiaraziko du bere prestakuntza programa, Nafarroako Pirinioetako biztanle guztiei eskainia. Programaren xedea da bertako jendeak gai askotako ezaupide eta trebeziak lortzea beren etxeetatik urrutira joan beharrik izan gabe.

Horrela, Planak antolatu duen eskaintza bost prestakuntza arlotan dago banatuta: EkinPirinioa, HaziPirinioa, SormenPirinioa, ZainduPirinioa eta LandaPirinioa. Arlo horietako bakoitzak gai desberdinetako ikastaroak ditu bere barruan: artea, ekintzailetza, lehen sektorea, osasuna eta zerbitzuak, ostalaritza eta turismoa, politika, etxebizitza…

Prestakuntza hiruhilekoetan antolatu eta argitaratuko da, eta hurrengo apirilean hasiko da. 2021eko bigarren hiruhilekorako, honako ikastaro hauek prestatu dira: Komunikazioa, marketin digitala, web garapena eta online merkataritza; Udalgintza eraldatzaileko esperientziak, eta Tramitazio telematikoa.

“Komunikazioa, marketin digitala, web garapena eta online merkataritza” ikastaroa Ana Cortaire marketin digitaleko prestatzaile eta aholkulariak emanen du. Ikastaroak ikuspegi orokor bat emanez erakutsiko du sareak eta webguneak tresna egokiak direla online salmentarako eta negozio bat garatzeko. Prestakuntza-jarduera honen hartzaileak dira autonomo, enpresa eta elkarteak, beren jarduerei bultzada eman nahi dietenak sareko baliabideak ezagutu eta erabilita.

“Udalgintza eraldatzaileko esperientziak” izeneko prestakuntza-jarduera udal, batzorde eta kontzejuetako hautetsiendako da. Tokiko sektorearen antolaketa eta funtzionamendua aztertuko dira, haren eskumen eta eginkizunak; baita ordenantza eta erregelamenduak ere. Gai konplexu batzuk ere landuko dira, hala nola administrazio horietako kontratazio-prozedurak, toki-ogasunen funtzionamendua, aurrekontuak eta kontabilitatea. Ikastaroa Asun Nietok eta Fermín Cabasések zuzenduko dute, zeinak Nafarroako Udal eta Kontzejuen Federaziokoak baitira (NUKF).

Azkenik, tramitazio telematikoari buruzko saioetan Lorea Jamar, CedernaGaralur tokiko ekintza taldekoa, izanen da irakaslea. Adineko jendearendako da ikastaro hori, eta administrazioekin tramite digitalak egiteko ezaupideak eman nahi dizkie. Prestakuntza-saio horietan parte hartu ahal izateko, informatikako oinarrizko ezagutza izan beharko da.

Ikastaroa aurrez aurrekoa izanen da, baina COVID19aren ondorioz jende kopurua mugatua izanen da eta, horregatik, izen-emateen hurrenkerari jarraikiko zaio jendea hartzerakoan. Bestalde, parte-hartzaileek ordenagailu eramangarria eduki beharko dute komunikazio eta marketinaren eta tramitazio telematikoaren ikastaroetan aritu ahal izateko.

Martxoaren 25etik apirilaren 12ra bitarte ematen ahalko da izena, telefonoz (647699366 tel.) edo Pirinioetako Planaren webgunearen bidez, https://www.gupirinioa.eus/zerbitzuak

TOKIAK ETA DATAK

IKASTAROA

TOKIA

DATA

ORDUA

Komunikazioa eta marketina

Auritz

Apirilak 13, maiatzak 3 eta ekainak 2

16:00 – 20:00

Otsagabia

Apirilak 14, maiatzak 4 eta ekainak 3

16:00 – 20:00

Udalerrietako esperientzia eraldatzaileak

Auritz

Apirilak 20

18:00 - 20:30

Burgui

Apirilak 27

18:00 - 20:30

Ezkaroze

Maiatzak 11

10:00 - 12:30

Tramitazio telematikoa

Burgi

Apirilak 27 eta maiatzak 11

17:30 - 19:30

Izize

Apirilak 27 eta maiatzak 6

17:30 - 19:30

Aribe

Apirilak 27 eta maiatzak 4

17:30 - 19:30

Ikastaroak leku ezberdinetan errepikatuko direnez, izena leku bakar batean eman beharko da.


Zerrendara itzuli

Nafarroako Gobernua Cederna Garalur Lursarea Mesa del Pirineo