ALBISTEAK

Mugikortasun kolaboratiboko aplikazio batek joan-etorri jasangarriagoak bultzatuko ditu Pirinioetako jendearen artean.

30 de Abendua de 2020

Mugikortasun kolaboratiboko aplikazio batek joan-etorri jasangarriagoak bultzatuko ditu Pirinioetako jendearen artean.

Proiektu Estrategikoen Zuzendaritza Nagusiak, Pirinioetako Mahaiarekin lankidetzan, mugikortasun kolaboratiboko aplikazio bat jarriko du abian datorren urtarrilaren 11n Pirinioen alde osorako. Kudea>go! deritzan aplikazio horrek aukera emanen dio une jakin batean Pirinioen aldean dagoen edozeini hurbil dauden pertsonekin harremanetan jartzeko eta, hala, joan-etorrietan garraiobidea partekatzeko. Gisa horretan herrien arteko konektibitatea bultzatuko da, lurralde osoan mugikortasun jasangarriago bat izatea dakarren sistema horri esker. Aplikazio horren garapena Pirinioetako Planean sartutako ekintzetako bat da. Plan hori Proiektu Estrategikoen Zuzendaritza Nagusiak berak sustatu eta koordinatu du, Lursarea, Cederna-Garalur eta Pirinioetako Mahaiarekin lankidetzan. Planak Pirinioen eskualdeko jarduera guztia bultzatu nahi du, gobernantza partekatuko sistema berritzaile baten bidez bertako eragile eta entitateekin elkarlanean arituz, hartara zona horren populazio galera geldiarazteko.

Tresna berri horrek arindu nahi ditu Pirinioetako garraio eta komunikazioko zailtasun handiak, alderdi horren orografia bereziak sorturikoak. Aplikazio hori pentsatu eta diseinatu da bereziki landa eremuetan erabiltzeko, non garraioaren arazoa konpontzea kontu larria den. Azken hilabeteotan, eskualdean diren entitateekin elkarlana eginez, zerbitzuak hartuko duen area guztia zonetan zatitzen aritu gara. Zonakatze hori oinarri gisa hartzen da erabakitzeko pertsonen artean zer lotura egin daitezkeen eskatzaileen egoitzen arabera.

Kudea>go! bi hizkuntzatan erabil daiteke, gaztelaniaz eta euskaraz. Eskuragai dago Google eta Applen, aplikazioak jaisteko ohiko plataformetan, baina urtarrilaren 11 arte ezin izanen da erabili Pirinioen aldean. Aplikazioa gure gailuan instalatu ondoren, erregistratu beharra dugu erabiltzen hasi ahal izateko. Funtzionamendu erraza du: lehenik,  GuPirinioa-SomosPirineo zonan sartu behar dugu. Aplikazioan egindako eskaera guztiak biltzen dituen iragarki-taularen bidez, ikus dezakegu zer garraio eskaera dauden gure zonan une jakin batean. Baldin eta gure estaldura-eremuan aurkitzen badugu bide bera egin nahi duen norbait, pertsona horrekin harremanetan jar gaitezke, eta tresnako txataren bidez xehetasunak zehaztu. Kudea>go! aplikazioak beste funtzionalitate batzuk ere baditu, hala nola beste erabiltzaileei errepideko gorabeheren berri emateko aukera (bide-mozketak, animaliak bide erdian, ikuspen-baldintza txarrak...) eta pertsona bakoitzak bere jardun-eremua sortzeko posibilitatea, egunez egun egiten dituen bidaien arabera. Garraio eskaerak noiznahi aldatu edo kentzen ahal dira.

YouTubeko gure kanalean ikus dezakezu aplikazioak nola funtzionatzen duen.


Zerrendara itzuli

Nafarroako Gobernua Cederna Garalur Lursarea Mesa del Pirineo