ALBISTEAK

Idatz diezaiogun Pirinioari euskaraz idatzitako lanen bilduma argitaratu eta oparitu du Gu Pirinioak

2022ko urtarrilaren 3

Idatz diezaiogun Pirinioari euskaraz idatzitako lanen bilduma argitaratu eta oparitu du Gu Pirinioak

Gu Pirinioak sortu eta oparitu duen liburuxkak hamasei lan biltzen ditu, prosa zein poesiazkoak “Idatz diezaiogun Pirinioari” izenburupean, eta nahi izanez gero, bertsio digitalean ere eskuratu dezakezu.

Karekin Kulturako Kati Leatxe Aristuk eman zuen ikastaroa Ariben pasa den abuztuan. Helburua taldean tarte atsegin bat igarotzea zen, sormena arakatuz eta Pirinioetako izatearen sentimenduari buruzko esperientzia komunak partekatuz. “Tailerrean gure nortasunari, estereotipoei eta sinesmenei buruzko narratiba nagusiak landu ziren eta parte hartzaileek gai ezberdinen inguruan idatzi zuten modu kolektiboan”, adierazi du Katik. Hain zuen, Pirinioaren inguruko gogoeta-kolektiboa sustatu nahi baitzen ariketa horien guzien bitartez.

Bost ataletan banatuta dago, alde batetik, “Idatz dezagun Pirinioa” lan-sortan, idazleek Piriniokoak zirela ohartu ziren lehenbiziko momentua ekarri dute paperera prosan. Ondoren, “Bikote edo binimio fantastikoa” poema landu dute, Gianni Rodarik fantasia munduan zabaldutako olerki mota bat; hirugarren atalean,poesia generoaren baitan ere, Pantoum poemak sortu dira, Malasyiako forma batetik eratorritako olerki mota. Azkenik, “Eta olerkiak. Nolakoa da Pirinioari idaztea?” atalean, bi poema libre azaltzen dira.

Bilduma ixteko, 2021eko Pedro de Atarrabia literatura-lehiaketako irabazlea izandako Oihane Zuberoa Garmendia Erronkariarrari eskatu zaio poema bat idazteko.

Lan guziak euskaraz idatzi eta argitaratu dira, eta bakoitzarendako ilustrazio bana sortu du Ana Ibañez Barricatek marrazkigile eta diseinatzaileak. Gainera, liburuak aukera ematen du irakurleak atal bakoitza eta gero, bere sormena lantzeko eta liburuan bertan idazteko.

Liburua aberasten duen beste bereizgarrietako bat sorturiko audio-liburua da, nahi duenak kontakizunak entzuteko beta ere izan dezan. Hemen dituzu entzungai liburu honen zenbait lan.

Eguberriekin batera, Pirinioko 800 bat herritarren etxeetara bidali da opari gisa “Idatz diezaiogun Pirinirioari” idazki-bilduma. Gainera, Pirinioko eskoletara ere ale batzuk bidali nahi dira euskara klaseetan landu dezaten. Jaso ez duenak eta paperean eduki nahi duenak, Gu Pirinioak lurraldean dituen bi bulegoetan eska dezake; bai Burgiko bulegoan (Ainhoari deituta 647 699 366) baita Aribekoan ere (Naiari abixatuta 650 363 819).


Zerrendara itzuli

Nafarroako Gobernua Cederna Garalur Lursarea Mesa del Pirineo