ALBISTEAK

Bortuetako Euskalkien II Foroa ospatuko da Erronkarin Pirinioko euskalkien sarea sendotzeko asmoz

2021ko abenduaren 1

Bortuetako Euskalkien II Foroa ospatuko da Erronkarin Pirinioko euskalkien sarea sendotzeko asmoz

Gu Pirinioko uskara lan-taldeak antolatuko du bigarrenez Pirinioko uskaren topaketa, izan ere, apirilean Ariben ospatu zuten lehen foroaz geroztik ze urrats eman diren partekatu nahi dituzte, egin dena balioan jartzeko eta ospatzeko.

Lehen jardunaldian zenbait ideia eta konpromiso adostu ziren euskarak bistaratzeko eta balioan jartzeko eta horiei helduko zaie bigarren foroan ere. Besteak beste, zenbait partaidek aurrera eramen dituzten ekimenak aurkeztuko dira: euskalkien esku-hiztegia, sare-sozialetako kanpainak eta jolasak edota eskolendako tresnak, errate baterako.

Euskara lan-taldeak hausnarketa prozesu bat abiatu zuen aurten euskalkiak bistaratzeko eta erabiltzeko eta horretan darrai, izan ere, urratsak ematen jarraitzeko asmoa dutela baieztatu dute. “Bortueko uskaldun eta uskalkizaleen sarea ehundu eta sendotu nahi dugu” aipatu du Ainhoa Elizaldek, Gu Pirinioko uskara lan-taldeko teknikariak. “Nahiko genuke Iparraldeko bizilagunekin, Garazi eta Xiberoko uskaldunekin, sare hori ehuntzen hasi ere” erantsi du.

Bigarren foro honetan, hamaiketakoa eskainiko zaie aurrekoan ez bezala partaideei, izan ere, apirilean ezin izan baitzen osasun-murriztapenak zirela eta. “Tartetxo informalago horrek ahalbidetuko digu hobeto elkar ezagutzeko, gure artean mintzatzeko eta komunitatea sendotzeko, Pirinioetako euskal-komunitatea, hain zuzen ere”, adierazi du Gu Pirinioko teknikariak.


Zerrendara itzuli

Nafarroako Gobernua Cederna Garalur Lursarea Mesa del Pirineo