ALBISTEAK

Abian da "Lekukoa, Pirineo mentor" proiektua, belaunaldi-aldaketa errazteko dinamikak sortzeko

2021ko azaroaren 11

Abian da

Belaunaldi-aldaketarik ez izatea da Europan zabalduen dagoen arazoetako bat, eta egoera hori larriagoa da landa-eremuetan. Negozio batzuek ez dute aurkitzen agintea hartzeko norbait, jabea erretiratzeko unean, nahiz eta negozioa errentagarria izan. Txanda-falta horrek arriskuan jar dezake ingurunearen egonkortasun ekonomikoa, eta zerbitzuak edo lanbideak desager daitezke; era berean, inpaktu negatiboak izan ditzake, ingurumenekoak nahiz sozioekonomikoak.

 

Arazo hori saihesten ahalegintzeko, Pirinioetako Planeko ekintzailetzaren lantaldeak abian jarri du ‘Lekukoa, Pirineo mentor’ proiektua, eta datozen urteetan honako hauek bezalako lanbideetan egin beharreko txandak aztertu, diagnostikatu eta identifikatu ditu: igeltserotza, arotzeria, iturgintza eta elektrizitatea edota farmaziak edo taxiak bezalako oinarrizko zerbitzuak.

 

Programaren helburua da belaunaldi-aldaketaren plan eraginkorrak diseinatzea eta gauzatzea, eta, horretarako, beharrezkoa da konexio-zubi bat egitea erretirotik gertu aurkitzen direnen eta ekintzaile gazteen artean, Pirinioetan aldaketaren eragile bihur baitaitezke.

 

Proiektu Estrategikoen Zuzendaritza Nagusi buru duen Pirinioetako Ekintza Planean kokatzen da proiektua (Zuzendaritza hori Jose Mª Aierdi lehendakariordeak zuzentzen du). Plana Cederna Garalur tokiko ekintza-taldearekin, Lursarea lurralde eta iraunkortasun agentziarekin eta inguruko beste eragile publiko-pribatu batzuekin lankidetzan garatu da, eskualdearen garapena dinamizatu eta suspertzeko helburuarekin.

 

“Mugimendua oinez erakusten da, eta proiektu hau gazteen ekintzailetza nola sustatu daitekeen erakusten duen adibide praktiko bat da, gure adinekoek transmititzen diguten tradizioa, ezagutza eta ibilbidea aprobetxatuz, Pirinio bizi eta aktibo baten alde lan egiteko dinamizazio eta suspertze estrategiatik abiatuta”, nabarmendu du Proiektu Estrategikoetako zuzendari nagusia den Ruben Goñik.

 

Diagnostikoaren lehen fasea amaitu eta gero, bigarrena abian jarri da aste honetan Otsagabian eta Ariben, eta etorkizunean belaunaldi-aldaketak arrakastatsuak izateko ardura duten agenteentzako prestakuntza batzuk antolatu dira: Gu Pirinioako langileak, Proiektu Estrategikoen Zuzendaritza Nagusikoak eta Cederna Garalurrekoak.

 

Ekintzaileentzako laguntzak eta lanerako espazioak

 

Proiektu hau Pirinioetako Ekintza Planaren ekintzailetza-taldeak abian jarritako beste batzuei gehitu zaie; esate baterako, 65.000 euroko diru-laguntzak, tokiko ekintzailetzaren bederatzi ekimen abian jartzeko, jarduera ekonomikoa dinamizatu eta enplegua sortzea bultzatze aldera, batez ere gazteen edo emakumeen artean.

 

Tokiko pertsonek eta eragileek bultzatutako eta proiektu txikietara bideratutako laguntza-lerro horrek –gehienez 10.000 euro- osatu zuen Proiektu Estrategikoen Zuzendaritza Nagusiak uztailean onartutako deialdia, guztira 1,9 miloi euroko diru-laguntzakoa, toki-erakundeek inbertitzeko eskualdeko lurralde-garapeneko eta eskualdearen dinamizaziorako 35 proiektutan.

 

Ildo horretan jasotako beste ekintza bat da Pirinioetan lan egiteko eta ekintzailetza jorratzeko dauden espazioen diptiko bat editatzea: bi bulego eta coworking gunea Aribeko ekintzailetza-zentro birgaitu berrian, bulego handi bat eta hitzaldi-areto bat Burgiko zentro polibalentean eta bulego bat Uztarrozeko medikuaren kontsultategiaren gainean. Diptikoan ez ezik, hiru leku horien eta etorkizunean eskura egon daitezkeen beste lan-espazio batzuen xehetasunak web orrialde honetan ikus daitezke.


Zerrendara itzuli

Nafarroako Gobernua Cederna Garalur Lursarea Mesa del Pirineo